XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ERA ASKOTAKO ETSIPENAK

ERA askotako etsipenak sumatzen dira gure artean.

Uste ez genuen krisialdiak jo gaitu ekonomiaren eta lanaren aldetik.

Euskal Herria ez da guk uste bezain herri gertatu, uste baino herrialdeetan banatuagoa eta probintzikeriaz ahulduagoa baizik.

Bere euskalduntzea eragozpen gutxiagorekin egingo zela uste genuen, agian.

Autonomian sinetsi genuenok uste baino maratila haudiagoak aurkitu ditugu.

Herri honek iraultza moko-mokoan zuelakoan kantari zebilena, ametsetan ari zen.

Herri honetako politikagintzaren laburra eta murritza ere dastatu du zenbaitek.

Era askotako etsipen horrek iturri asko ditu.

Sendagaiak ere desberdina izan behar du, beraz.

Erremediorik gabeko gaitzak badirela ere jakin behar dugu, jakina.

Herri txiki bateko politikan harmaila eta lanbide gutxi daude.

Gorenena Ajuria-Enea dugu.

Eta Garaikoetxea ohartu zenez, ez da Bill Clinton-en Etxezuria.

Guk ez dugu senaturik, enbaxadarik eta kontsuladurik inon, ezta Estatuaren Banketxerik, Estatuaren ordezkaritzarik, gobernadorerik eta honelakorik politikoei ogibideak eskaintzeko.

Baina euskaraz lan egiten duen kazetari, idazle, ikerle eta abarrentzat ere eskailera laburrak eta lanbide murritzak daude.

Aje honen sendagaia apaltasuna da.

Haundimaundi edo aberats izan nahi duena gaixotu egingo da hain esparru txikian.

Hobe du esparru zabalagoak dituzten alderdiak eta hizkuntzak aukeratzea.

Beretzat ezezik abertzaletasunarentzat ere hobe; kargurik ezaz zapuztuekin, diruzaleekin, galdordunekin eta inon kabitu ezin direnekin ez baitago herri txiki hau aurrera ateratzerik.

Ezkerrean gertatu ziren zatiketa guztiak itsatsirik geratu zaizkigu abertzaletasunean, ezkerrean bertan baino areago, ezkerrean PSOE besterik ez baita, IU apur batekin.

Baina herri txiki honen zinezko zerbitzari izan nahi dutenen ondoezak senda daitezke, noski.

Bakoitza, bakarrik, bere gisa eta, gainera, bestearen kontra ari bada, ez du sendabiderik, jakina.

Baina elkarrekin ilusioz eta itxaropenez lan egiten bada laster gaindituko ditugu txiki izatetik datozkigun ezinak.

Eta hortxe dago gure koxka: ez gaudela elkartuak, sakabanatuak baizik, mila arrazoirengatik.

Gure artera, bizi-bizi, heldu ziren ideologiek badute zerikusirik horretan, noski.

Ezkerrean gertatu ziren zatiketa guztiak itsatsirik geratu zaizkigu abertzaletasunean, ezkerrean bertan baino areago, ezkerrean PSOE besterik ez baita geratu, IU apur batekin.

Abertzaletasunaren zatiketan, ordea, ez du ideologiak bakarrik eragina.

Harmaila eta lanbide murritzeko esparrua izateak sortu du, jakina, ondoezik, haserrerik, etsipenak eta zatiketarik inoiz.

Baita helburuak gaurko egoerari ez moldatzeak eta helbideak behar bezala ez finkatzeak ere ekarri du noraezik, zalantzarik eta etsipenik.

Diktadurak ezarritako mutualditik sortu zen belaunaldien etena ere bada gure artean.

Ezagutu ez genuen aurrekoen mundu hori arbuiatu eta geuk asmatutako munduan bizi izan gara.

Gaztaroa gordelekuetan, atzerrian eta kartzelan igaro eta alderdi baten buru eta gidari bilakatu da zenbait.

Besterik gabe oskolaren barruan bizitu da ia bizitza osoan.

Sartorius ederki ohartu da horretaz: jaiki, bulegoan (oskolean) sartu eta kontrario-ustekoak esan duenari erantzun; egunero, urtea joan eta urtea etorri.

Hori, gainera, Charles Fiterman-ek dioen bezala, aldiero eginkizun historikoa jokatzen eta munduaren etorkizuna erabakitzen ari dela sinetsiz.

Gehiegizko ideologizazioak, elkarren arrotz geratuak, norberak sortutako mundu artifizialean bizi izanak eta noraezak barreiatutako abertzaletasun hori bildu eta adoretu beharra dago.

Hori, ordea, Charles Fiterman-ek alderdi komunistarentzat dioen bezala, ezin da artifizialki egin, elkar berraurkituz, elkarrizketatuz eta gizartearen maila guztietako ekintzaren bidez baizik.